Askotan galdetu dizuete, agian, ea zer zareten. Nik behintzat zalantza izan ohi dut erantzuterakoan, galdera ez delako argia edo inozoegia seguruenik. Asko pentsatu gabe, beti diot Aitor naizela, nahiz eta askotan “zure ametsgaiztorik beldurgarriena” erantzutea nahi dudan.

Bromak aparte, nola zer naizen? Zergatik sailkatu behar naiz? Zergatik ote nahiko du jendeak besteak sailkatu? Askotan egiten dizkiot neure buruari horrelako galderak. Kontrolatuak, sailkatuak nahi gaituzte. Produktuak bagina bezela. Kapitalismo huts eta ankerraren emaitza zuzena, alegia (beno, eta ez naiz ligatzeko aplikazioetan sartuko, merkatu bat dirudi, edo hala uste dute dala erabiltzen dituzten gehiengoak).

Honekin, generoaren kontzeptura joan nahi dut, gehien bat. Argitu beharra dut, hau nire iritzi xumea dela, eztabaidatzeko, kontzientziatzeko, behintzat, edo minutu batzuk irakurtzen entretenitua egoteko, gutxienez.

Generoa definitzearen aurka nago, denbora luze, urteak, neraman honi bueltaka, generoaren ideia ulertzea latz egiten zitzaidalako. Niretzako, generoa definitzea ez da inoiz erabilgarria izan, ez ni definitzeko, ezta besteak. Generoa bera, asmakizun bat iruditzen zait. Uste dut existitzen ez den zerbaitekin definitzera behartzen gaituztela. Egia da, entzun dudala, askotan jendeari ondo datorkiola besteak ulertzeko edo norbera ulertzeko ere. Baina, ez bagenu definituko, alegia, generoaz ahaztuko bagina, aurreiritzi eta baldintza gutxiagorekin biziko ginake, aske! Bost axola maskulino, femenino, hibrido edo asmatutako edozer sentitzen zaren. Zer da femenino izatea? Edo maskulino? Bakoitzak erantzun ezberdin bat edukiko du. Agian denok ulertzen ditugun kontzeptuak dira, baino bakoitzak bere erara interpretatzen du. Zarena zara, hitzik gabe. Hala uste dut.

Hizkuntza asko dira, gainera, azaldu nahi dudan ideiaren ispilu. Euskeran, adibidez, generoa ez da definitzen. Pertsona batetaz edo hainbatetaz ari bagara, berdin du generoa, hitz bakarra erabiltzen da: “bera” edo “beraiek”.

Askotan, eztabaida ugaritara bideratzen duen kontua da, besteak beste, norbaiti, bere generoa jakin gabe, izenordain okerrarekin hitz egin diozulako. Egia esan, gaur egun, hainbeste identitate artean bizi gara, jendea modu anitzetan espresatzen da, eta gainera, batzutan, modu aldakorrean. Uste dut, generoa txiki geratzen dela, esanahirik gabe.

Esan bezala, nire iritzia da. Ez banu ondo azaldu eta zalantza baduzue, galde lasai.

Zuek zer pentsatzen duzue?

Editatu ondorengoa: Sugan taldearen abesti hau etorri zait gogora, gaiarekin erlazio handia duela konturatu naiz.

https://yewtu.be/watch?v=yIyAqRUmzWc

“Zuk, ustez jakin badakizu, nolakoa zaren zu, galdetuz gero akabo. Mutututa, ixilik, zero”