Garai batean jendea baserri isolatuetan bizi zenean, erromeriak ziren elkar
ezagutzeko eta harremanak abiatzeko lekua. Lehenago, gurasoen arteko tratuak edo
bahiketak ere ez ziren arraroak: gizonek emakumeak bortxatzea/bahitzea, alegia,
“de facto” bere jabetza indarrez aldarrikatuz. “Orain ez nauzu maite, baina
egingo duzu denborarekin”. Nire familian bertan, atzera asko jo gabe (bi
belaunaldi), hiru ama ezkongabe kontatzen ditut, seguraski bortxaketaren baten
ondorioz (eta haietatik bi, aita nor izan zen jakinez). Baina ezkondutakoen
artean ere, ziur nago indarrez edo de facto (“penaltyz”, lehen esaten zen)
bezala eginiko bikoteak ere gutxi ez zirela izango. Gure gurasoen artean, baita
ere, normala zen maitasunak iraungi arren elkarrekin irautea (zenbat egonezin,
zenbat tratu txar frustrazioaren eraginez!). Bistan da, bikotearen barruan
desioa falta zenez, kanpoan ezkutuan bilatuko zuten. Gaur egunean, zorionez,
ezkontza “santuaren” lotura gero eta ahulagoa da, harremanen ikuspegi
dinamikoagoari ateak irekiz. Gerora, tabernak izan dira ligatzeko ohiko eremua…
baina ez niretzat. Nik gogoan dudala, ez dut sekulan harremanik abiatu zarataz
betetako leku itogarri horietan; ikastaroak, autobus bidai luzeak, entseguak,
laneko atsedenaldiak… izan dira nire harreman luzeenen abiapuntu. Azken
urteetan, ordea, sare sozialak goraka doaz harremanak egiteko gune bezala. Nik
behintzat asko igerri dut, eta ez zait txarra iruditzen, lehengoaren aldean;
garaian garaikoa. Zein izan da zuen esperientzia?
Aurreko batean aipatu genituen, gaur egunean, harremanak egiteko sortu diren aukera berriak. Gaurkoan, spin-off bat eginez, ligatzeko app-i buruz espezifikoki hitz egin nahiko nuke. Aipatu bidalketa horretan, nik erabiltzen dudanari “propagandarik egin nahi ez niola” esaten nuen, baina orain ez dut hain argi. Izan ere, oso pozik nago izaten ari naizen esperientziarekin (jo ta jo!), beste sare sozialek eskatzen didaten prezio beretsuan -nire datuen truke, alegia-. Hori dela eta, hari honetan erabiltzen ari naizen sare horren (Tinder) gaineko kontuak partekatu nahiko nituzke, zuei gauza bera egitera gonbidatuz (horri edo antzeko beste sare sozialei buruz, noski: Grindr, Meetic, Badoo, Kaixomaitia…).