Ekaineko egun lasaiak aprobetxatuta, Albizturko eskola txikira joan nintzen joan den astelehenean. Ordu eta erdiko saioa egin genuen eta honakoak landu ziren:
CC lizentziak
Lizentzia bakoitza zein den errepasatu genuen. Bakoitzak ipuin bat idatzi zuen orri batean, animalia bat tarteko zuena, eta ondoren zozketa bidez beren lanari sinadura eta lizentzia bat jarri zioten.
Eta softwareak… ipuina bezala dira?
Bideo eta audioak irekitzeko programa ezagunak (kono formako logoa daukanak) zenbat egile ote dauzkan pentsatu genuen denon artean. Ondoren VLC programaren github orrira joan ginen, eta pila bat dauzkala ikusi (software librearekin komunitatearen laguntza asko egoten da…). Kodea bera ere hor dagoela ikusi genuen.
Eta guk egin dezakegu hori?
VLC programaren kodea bezala, programa handiago bat daukate ordenagailuek: Sistema Eragilea. Izan dezakete Windows, Mac… edo Linux ugari daude. Azken hauek libreak dira, beraz erraz eskuratu daitezke.
Luberri probatu genuen, azalpen honekin: “Ordenagailuei gaur esango diegu esnatzen hasten direnean itxaroteko, USB txiki hauetan dagoen Sistema Eragilea pizteko”.
Behin luberri piztuta ordenagailuetan, code.org orrira joan eta pixka bat aritu ziren. Ondoren, blokeekin agindu batzuk prestatuta zeudelarik, “kodea erakutsi” botoian sakatu genuen eta ikusi zuten (ez da guztiz egia baina tira), beraiek ere badakitela kodea idazten, software moduko “ipuinak” sortzen. Lizentzia itxia edo irekia eman ahalko dietela handitzean beraien kodeei, horretan trebatzen baldin badira.
Amaierako denbora librea, jostatzeko minutuak.
Amaieran libre izan zuten tarte bat, code.org-rekin jarraitzeko, Luberri barruko aplikazioetan arakatzeko, Gcompris jolas plataforma barruan ibiltzeko, Kgeografy, Stellarium…
Egin gabe geratu ziren gauza batzuk:
- Ez genuen aipatu software libreek 4 askatasun betetzen dituztela.
- Baina dohainik lortu ahal bada, lan hori egiten duen jendeak ez du soldatarik jasotzen? Ikasleei galdetu ea beraien gurasoek etxean egunkari edo aldizkaririk jasotzen duten… Harpidetza edo donazioen kultura ere software librearen parte dela irakatsi.
- Gauza fisikoen ordez, ezagutzazko produktuez ari garenean, lizentzia irekiek ematen duten kopiatzeko baimena berez oso logikoa da. Hori ulertzeko gelan jolas txiki bat egin daiteke (jertsea eman edo txistea kontatu, zein da desberdintasuna? Jertsea bakarra da, txistea bikoiztu egin da). Bideo hau ere ederra da: Copying is not theft.
- Hurrengo egunean-edo, polita litzateke idatzitako ipuinen bertsioak egitea (lizentziak baimentzen duen kasuetan) eta bertsio berriei egiletzak jartzea (egile berria eta iturrien aipua). Ipuina hobetzeko, beste era batean berridazteaz gain, animalien irudi bana bilatzea da modu bat. Pixabay atarian edo Google Irudiak orrian, lizentzien iragazkia jarriz.
Argitalpen honetako irudien lizentzia honakoa da: CC: by, nd