Hegaluze kontserba nola egin
Oharrak ondo hartu baldin banituen, 2022ko udaran hau izan zen egin genuena:
• 102 Kg bonito edo hegaluze erosi genuen
• 10 arrain (ahalik eta handienak erostea komeni da, haragi/hezur proportzio hobea, lan gutxiago)
• 6,90€ / Kg zegoen prezioa (703€ izan zen guztira)
• 7 cm lodiko xerra edo medailoitan prestatzeko eskatzen dugu.
- 162 flasko bete genituen (4,45€ atera da hegaluze flaskoaren kostua, gure lana kobratu gabe noski).
- 10 mendrezka (ventresca/ijada) beste era batean labean egiteko.
Hegaluzea irakin:
• Medailoiak: Ur asko lapiko handian, gatz asko bota eta irakiten hastean zati handienak azpira sartu, ondoren zati txikiagoak gainean; 20 minutuz irakiten eduki eta atera, ez daitezela gehiago egon.
• Kokoteak: Beste lapiko batean ura gatzarekin prestatu kokoteentzat. Irakiten hastean sartu eta 10 minutuz egotea nahikoa da.
• Mendrezka (ijada): Mendrezkak apenas eduki behar dira uretan. Kokotearen lapikoa erabili daiteke, irakiten dagoenean uretan sartu eta zuritu bezain laster atera; Gero olio erre bat presta daiteke, baratxuriarekin, limoi pixka batekin... gainetik bota eta labean sartu mendrezkak, berotu eta unean jateko.
Hegaluzea garbitu eta poteratu
Hegaluzea hozten utzi behar da denbora batez (estalita hobe, euliak ez joateko). Ondoren azala, hezurrak eta zain-odolak kendu labantxoekin. Gero zati garbiekin eskuz kristalezko flaskoak betetzen dira ahalik eta gehien (aire gutxi uzteko, baina presio gehiegirik gabe, zatiak ez puskatzen saiatuz). Betetzeko oliba olioa erabil daiteke edo nahasketa bat prestatu 3/4 oliba olioa eta 1/4 ozpina.
Flaskoak irakin
Flaskoak beteta daudenean tapa eskuz itxi, indar gehiegi egin gabe (flaskoak urtean zehar garbitu eta berrerabili daitezke, baina hobe tapa berriak urtero). Lapikoetan flaskoak sartu, ondo betez (gero mugitu ez daitezen), eta urez bete lapikoak. Berotzen jarri eta irakiten hasten direnetik 1h eta 15 minutuz eduki. Uretatik atera eta hozten utzi (ez da komeni egun horretan autoz garraiatzea, flaskoak bero egonda posible delako kolpetxo batekin tapatik airea sartu eta kutsatu litekeelako).
.odt fitxategia deskargatzeko aukera hemen eta bideo azalpena hemen